Navigation Menu

Aurkezpena

NOU-Neurofisiologia

Aurkezpena

Neurofisiologia klinikoak (NFK) barnean hartzen ditu nerbio sistema zentralaren (entzefaloa eta bizkarrezur-muina) eta periferikoaren (nerbioak, muskuluak eta zentzumen-organoak) azterketa, balorazioa eta aldaketa funtzionala, hala egoera normaletan nola patologikoetan.

Biztanleriaren zahartze progresiboaren ondorioz ugaritzen ari dira nerbio-sistemako patologiak: arrisku baskularraren faktoreekin lotutakoak, dementziak, ahultze prozesuei lotutako polineuropatiak, etab. Patologia horiek, gainera, medikuntzako edo kirurgiako espezialitate gehienak ukitzen dituzte (neurologia, pediatria, neurokirurgia, traumatologia, otorrinolaringologia, oftalmologia, besteak beste), eta, beraz, azterketa neurofisiologikoa funtsezkoa gertatzen zaie guztiei. Hori dela eta, NFK Zerbitzua zerbitzu zentrala da.

Un neurofisiólogo y una enfermera atendiendo a un paciente

NFKaren arloan gehien erabiltzen diren teknikak dira elektroentzefalografia (EEG), elektroneurografia (ENG) eta elektromiografia (EMG), potentzial ebokatuak (PE), loaren azterketak eta ebakuntza barneko monitorizazio teknikak (EBM). Jarraian labur azaltzen da zertan datzan horietako bakoitza.

  • EEG teknikak: EEGak eta lorik gabeko EEGak garunaren jarduera bioelektrikoa aztertzen dute. Horretarako, erregistro-elektrodoak dituen txanoa jantzi eta doitzen da. Pazienteak geldi egon behar du, eroso, eta begiak itxita. Jarduera erregistratzen da atsedenean eta aktibazioaren ondoren (hiperbentilazioa, begiak ireki eta ixtea eta etenkako argi estimulazioa).
  • ENG/EMG teknikak: ENGak nerbioen eroate abiadura eta beste parametro batzuk neurtzen ditu, oso intentsitate txikiko korronte elektrikoa aplikatuz larruazal gainean. EMGan, berriz, orratza sartzen da muskulu batean eta haren jarduera aztertzen da atsedenean eta uzkurtu ondoren. Bi teknikek balio dute patologiak atzemateko muskuluan, lotura neuromuskularrean, nerbioan, nerbio plexuan eta sustraian. Halaber, bizkarrezur-muineko neurona motorra aztertzeko balio dute. Garezurrean zeharreko estimulazio magnetikoa ENGaren antzeko azterketa da, garunetik bizkarrezur-muinera doan bide kortikoespinalaren osotasuna egiaztatzen duena estimulu magnetikoa aplikatuta.
  • PE teknikak: potentzial ebokatuen bitartez, pazienteari estimulu egoki bat aplikatu ondoren nerbio bideak aztertzen ditugu. Hala, entzungailuekin aplikatzen den entzumeneko estimulu baten bitartez entzumen-bidea miatzen da; pantailan aplikatutako estimuluaren bitartez, ikusmen-bidea; eta bi esku eta bi oinetan aplikatutako estimulu elektrikoaren bitartez, bizkarrezur-muinean gora igotzen den sentikortasun sakonaren bidea . Elektrorretinografia ere familia bereko teknika da. Lentilla bat jarrita, argi estimuluen bitartez erretinako zelulak baloratzen ahal dira.
  • Loaren azterketak: polisomnografia, EEG bideoa, CPAParen titulazioa, etab. Azterketa horiek Pneumologia zerbitzuarekin batera egiten dira Loaren Nahasmenduen Diziplina Anitzeko Unitatean (LDAU). Loaren nahasmenduak dituzten pazienteak unitate horretara joaten dira gauez, eta gorputzean itsatsitako elektrodo eta sentsoreek monitorizatzen dizkiete EEG jarduera, bihotzeko EKG jarduera, muskuluetako EMG jarduera, begien mugimenduak, arnas funtzioa, zurrungak, zangoen mugimenduak eta intereseko beste parametro batzuk. Zenbait proba, Etxeko arnas poligrafia, esaterako, pazientearen etxean egiten da, eta gero Loaren Unitateko kideek baloratzen dituzte emaitzak. Loaren latentzia anizkoitzen testa oso proba espezifikoa da. Egunez egiten da Neurofisiologia zerbitzuan bertan, gaueko polisomnografia azterketa baten ondoren, eta logura maila baloratzen du.
  • Ebakuntza Barneko Monitorizazio (EBM) Unitatea: neurofisiologiako teknikak erabiltzen dituzte ebakuntza bitartean gerta daitezkeen nerbio lesioak identifikatzeko. Lesioak goiz identifikatuta, ondorio neurologiko iraunkorrak saihesten ahal dira.

Oro har, aurreko proba horiek guztiak kaltegabeak dira. Ia proba guztiak (EMGa izan ezik, orratz fin batekin ziztatuz egiten baita) gorputzaren gainean itsasgarri, azaleko elektrodo eta sentsoreak jarriz egiten dira, aldagai biologikoak erregistratzeko, eta ez dute ez minik ez kalterik eragiten. Proba GUZTIETAKO baldintza bakarra da lasai eta geldi-geldi egotea. Horregatik, gomendatzen da haur txikiak loguratuta ekartzea, lo dauden bitartean proba egiteko.

Un paciente con un dispositivo en el cráneo y una pantalla de de ordenador al fondo