Aurkezpena

NOU-Neurokirurgia

Aurkezpena

1. ESPEZIALITATEAREN DEFINIZIOA

“Neurokirurgia medikuntzako diziplina bat da, eta medikuntzaren espezialitate kirurgikoa, eta beraren xedeak dira nerbio-sistema zentralean, periferikoan eta autonomoan (azalak, zainak eta hipofisia moduko eranskinak barne) gertatzen diren gaixotasun kirurgikoak edo halakoak izan daitezkeenak aztertzea eta tratatzea (hau da, prebentzioa, diagnostikoa, ebaluazioa, terapia, zaintza intentsiboa eta errehabilitazioa), eta minaz arduratzea, kirurgia bidez zein halakorik gabe, adin guztietako pazienteetan.” (2008ko 77. EAO, martxoaren 29koa).

Beraz, neurokirurgialarien egitekoak dira kirurgia eragin lezakeen nerbio-sistemaren nahasmenduren bat duten paziente helduen zein haurren prebentzioa, diagnostikoa eta tratamendua. Nahasmenduok honako hauek izan daitezke: entzefaloko gaitzak, meningeetako gaitzak, garezurreko eta bertako zainetako gaitzak (karotida arterietakoak eta bizkarrezurreko arterietakoak barne), hipofisiko gaitzak, bizkarrezurreko eta bizkar-muineko eta bertako meningeetako gaitzak, eta nerbio periferikoetako gaitza (hedadura osoan).

2. ZERBITZUAREN HISTORIA

Neurokirurgia Zerbitzua 1968. urtean sortu zuen Aguilera doktoreak. Hark bi urte eman zituen prestakuntzan Espainiako neurokirurgiaren  aitzindari izan ziren Emilio Ley eta Sixto Obrador doktoreekin.

1979an Neurologia Zerbitzutik bereizi zen, eta harrezkero berezko zerbitzua da. Lehen zerbitzuburua Aguilera doktorea izan zen 1999an erretiroa hartu arte. Ondoren Portillo doktorea aritu zen burutzan, hau ere erretiratu arte, 2016an. Gaur egun Zerbitzuan 7 mediku ari dira, zerbitzuburua, Idoya Zazpe doktorea, barne. Praktikan, artatzen den erreferentziako populazioa Nafarroako Foru Komunitateko 640.000 biztanleena da, baina gaitz batzuetan ia milioi bat biztanlekoa da, Errioxakoak ere gure zerbitzuak artatzen baititu, bertan ez dute neurokirurgia zerbitzurik eta.

3. MISIOA, IKUSPEGIA ETA BALIOAK

3.1. MISIOA

Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko (NOU) Neurokirurgia Zerbitzuaren xedea da arreta integrala ematea prozesu neurokirurgikoei, herritarren ongizatea sustatzeko osasun-arretaren bidez eta irakaskuntza eta ikerkuntzako lanak eginez. Hori guztia kalitatea, gizatasuna, ekitatea, eraginkortasuna, iraunkortasuna eta berrikuntza irizpidetzat hartuta egiten da. Gainera, profesionalen konpromisoa eta garapena bultzatzen dira, teknologia berriak aplikatzen dira segurtasuna eta osasuna hobetzeko, eta bikaintasuna hartzen da jomugatzat, herritarrei nahi dutena emateko eta beren beharrak asetzeko.

3.2 . IKUSPEGIA

NOUko Neurokirurgia Zerbitzuak Estatuko neurokirurgia zerbitzu hoberenetako bat izan nahi du arretan, irakaskuntzan eta ikerkuntzan, eta horretarako arreta integral arduratsua eta pertsonen beharretan oinarritua ematen du. Maila zientifiko eta tekniko handietara iritsi nahi du, eta horretarako aliantzak ezartzen ditu NOUko zenbait profesionalekin. Hala zerbitzua hobetzen du. Zerbitzu berritzailea izan nahi du, modernoa teknologiaren aldetik, ongi antolatua, eraginkorra baliabideen erabileran, iraunkorra, eta malgua gizartearen nahiei erantzuten, gertukoa, lankidetzakoa eta lehiakorra emaitza onen arabera, eta hori guztia eten gabeko hobekuntza-prozesu baten barnean, emaitzen bikaintasuna xedetzat hartuta. Hori guztia lortzeko, gaitasun eta motibazio handiko profesionalak dauzka.

Neurokirurgia Zerbitzuak konpromisoa hartzen du pazienteek beren burua zaintzen parte hartzeko; gainera, osasun-prestakuntza egokia emanen die, beren osasun-egoera hobetzeko zer egin behar duten jakin dezaten.

3.3. BALIOAK

  • Zerbitzuaren ardatza pazientea da. Gure lanaren erdigunean pazienteak daude. Pazienteek beren egoera klinikora eta inguruabar pertsonaletara egokitutako tratua merezi dute, diagnostiko zehatza eman behar zaie protokoloen eta ebidentzia zientifikoaren arabera, eta kalitate-politikez baliatuz tratamendu egokia jaso behar dute, zerbitzuaren lanarekin pozik egon daitezen.
  • Zaintza asistentzialaren eraginkortasuna, ebidentzia zientifikoa aplikatuz eta emaitzak ebaluatuz.
  • Laguntza aktiboa Zerbitzuko langileak profesional gisa garatu eta haz daitezen.
  • Berrikuntza. Teknologia berriek ematen dituzten aukerez baliatzea. Sormena eta ideia berriak bultzatzea eta sustatzea, jardun klinikoan aplikatzeko eta medikuntza aurreratzeko.
  • Motibazioa eta talde-lana, oinarriak ardura, konfiantza eta elkarrekiko begirunea direla. Horrekin berekin dakartza konpromiso hauek: ekintzak eta hitzak bat etortzea, besteren iritziak entzutea, eta norberaren iritzia zabal eta zintzo adieraztea.
  • Profil pertsonala eta profesionala:
  • Lanbidearen harrotasuna.
  • Zerbitzuarekiko eta Nafarroako Ospitale Unibertsitarioarekiko atxikimendua.
  • Talde-lana. Kide guztiek denon proiektuan parte hartzea.
  • Ospitale-sisteman integratzeko gaitasuna. Diziplina anitzeko proiektuetan elkarlanean aritzea.
  • Konpromisoa zerbitzu publikoarekin. Emaitzei begira egotea. Baliabideak kudeatzea eta optimizatzea, eta konpromisoa osasun-sistema publikoaren iraunkortasunarekin.
  • Konpromisoa irakaskuntzarekin.