Navigation Menu

Aurkezpena

NOU-Geriatria

Aurkezpena

Zer da Geriatria?

Espezialitatearen Batzorde Nazionalaren arabera, geriatria honela definitzen da: “Medikuntzaren adar bat, adinekoen gaixotasunen alderdi prebentiboak, klinikoak, terapeutikoak eta sozialak aztertzen dituena”. Adar horrek prestakuntza mediko espezifikoa eskatzen du, adineko pertsonak artatu behar baitira. Izan ere, geriatrian, hilkortasun-tasa altua da, gaixotasunak ohiz kanpoko moduetan agertzen dira, tratamenduen eragina motelagoa da eta beharrezkoa izaten da gizarte-laguntza.

Medikuntza geriatrikoa ezagutza hauetan oinarritzen da: zer aldaketa eragiten dituen zahartzeak organoetan eta sistemetan, zer formatan agertzen diren gaixotasunak adineko pazienteengan eta nola erantzunen dieten pazienteek tratamendu mediko eta kirurgikoei. Horrez gain, jakin behar da zeintzuk diren kirurgiako eta errehabilitazioko jarraibide egokiak. Azkenik, beharrezkoa da aldi berean agertu diren gaixotasunak tratatzen jakitea, eta, tratamendua aukeratzeko orduan, garrantzitsua da adineko pazientearen fasea kontuan hartzea: akutua, kritikoa, eriondoa edo kronikoa.

Zeintzuk dira geriatriaren helburuak?

- Laguntza-sistema bat garatzea adineko pertsonen arazoei erantzuteko, independentzia fisikoa edo soziala neurri ertain edo handi batean galdu badute.

- Epe luzerako laguntza-sistema bat garatzea, hala behar duten adinekoentzat.

- Baliabideak mobilizatzea, komunitatean eta komunitateko jardueretan ahalik eta adineko pertsona gehien integratzeko.

- Ikerketa, irakaskuntza eta prestakuntza sustatzea, geriatriako espezialistentzat eta espezialitate horrekin zerikusia duten langileentzat.

Zer pazientek jasotzen dute geriatriako zerbitzua?

- 75 urteko edo hortik gorako pertsonek.

- Gaixotasun akuturen bat duten pazienteek; gaixotasun kronikoren bat dutenek, gaixotasun hori larriagotu bada; eta gaitz pluripatologiko eta funtzionala duten pazienteek.

- Egoera orokorrean gaitz larriren bat duten pazienteek, hasieran kausak zehazteko orientazioa jasotzea zaila denean.

- Ustez ezgaitasuna, elbarritasuna edo menpekotasuna eraginen duen gaixotasunen bat duten pazienteek.

- Gaitz organikoren bat duten pazienteek, gaitz horrek funtzio kognitiboen narriadura edo narriadura goiztiarra (dementziak, nahasmendu-sindrome akutuak…) eraginen badu.

Datu geografiko eta demografikoak

Errolda Jarraituaren Estatistikako behin-behineko datuen arabera, 2021eko urtarrilaren 1ean, 661.023 biztanle bizi ziren Foru Komunitatean; hau da, 174 pertsona gutxiago (−%0,03), 2020ko urtarrilaren 1eko datuekin alderatuta. 2020ko datuak behin betikoak dira dagoeneko.

Sexuaren araberako sailkapena. Biztanleria zati berdinetan banatzen da gizonen eta emakumeen artean (%49,5 gizonak dira, eta %50,5, emakumeak).

(na)stat edo Nafarroako Estatistika Erakundeak Nafarroako biztanleriaren proiekzioak egin zituen 2022ra arte. Aurreikusi zituzten hiru egoera posibleetatik, adituek uste dute “1. proiekzioa” izenekoa dela probableena. Proiekzio horren arabera, biztanleriak gora eginen duela aurreikusten da, bai eta adineko pertsonen ehunekoak ere.
Herrialde garatu guztietan gertatu den bezala, batez besteko bizi-itxaropena luzatu da, eta jaiotza-tasak behera egin du. Ondorioz, biztanleria-piramidea aldatuko da. Aldaketa demografiko horiek osasungintzaren antolamendua baldintzatuko dute. Izan ere, urte gutxi batzuen buruan, Nafarroako biztanleria nabarmen hazi eta zahartu egin da.

Argi dago biztanleria zahartzeak eragin zuzena izanen duela arlo soziosanitarioaren garapenean. Testuinguru horretan, Geriatria Zerbitzuaren lana berebizikoa izanen da adineko pertsonei arretarik onena emateko, sektore zaurgarri bat osatzen baitute. Tradizioz, adineko pertsonak baztertu izan dira haien adin kronologikoagatik, eta ezin izan dituzte gozatu zenbait teknika diagnostiko-terapeutikok ekartzen dituzten onurak.

Alde horretatik, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioak eta Geriatria Zerbitzuak saiakerak egiten dituzte erronka horiei modu eraginkor eta integralean aurre egiteko, pazienteak sistema soziosanitarioaren erdigunean jarriz. 

Aipamen historiko labur bat

Nafarroako Ospitalea eta Madrilgo Gurutze Gorriaren Ospitale Zentrala aitzindariak izan dira Espainiako estatuan arreta geriatrikoko ospitale-unitateak sortzen. Geriatria Zerbitzua 1972. urtean sortu zen, orduan Nafarroako Probintzia Ospitalea zen eraikinean, eta Tomás Belzunegui Sarasa jauna zerbitzuburu izendatu zuten.

Urte horretatik aurrera, eta 2015era arte, zerbitzua hainbat aldiz lekualdatu zen, eta etengabeko hazkundea izan zuen.

2014ko maiatzean, egungo zerbitzuburua izendatu zuten: Martínez Velilla doktorea. Hasierako zailtasunak gorabehera, 2015ean Geriatria Zerbitzua NOUen integratzen hasi zen pixkanaka eta behin betiko. Ondorioz, 40 ospitale-ohe esleitu zitzaizkion zerbitzuari, eta arlo hauen kudeaketa hartu zuen bere gain: zerbitzuen arteko kontsultak, beste zerbitzu batzuetan ospitaleratuta dauden pazienteentzat; lankidetza ortogeriatrikoa; Eguneko Ospitalea, pluripatologiak/dementziak dituzten paziente kronikoentzat; kanpoko kontsultak; Oinarrizko Osasun Laguntzak INPei emandako erantzuna; Vergel zahar-etxeari laguntza ematea; Etxeko Ospitalizazioaren zerbitzuarekin lankidetzan aritzea; eta, azken bi urteotan, NOUeko Covid taldeei laguntzea. 

Horrez gain, 2015. urtean hasiera eman zitzaien Geriatriako espezialisten BAME/BAEE bidezko prestakuntza eskatzeko izapideei. 2017. urteko maiatzean bukatu ziren, eta espezialista horiek zerbitzuan sartu ziren. Gertaera hori mugarri garrantzitsua izan zen zerbitzurako. Izan ere, aitzindaria izan zen prestakuntza hori eskaintzen, baina baztertu egin zuten, ustez gabeziak zituelako azpiegituran. Berriz ere eskaini zenean, amaiera eman zitzaion garai batean hasitako zikloari. Lorpen horren atzean, ahalegin izugarria dago antolaketari eta burokraziari dagokienez. Helburua hauxe zen: zerbitzua Diziplina Anitzeko Unitate bihurtzea (hau da, medikuen eta erizainen prestakuntza zerbitzu berean biltzea).