Aurkezpena

NOU-Dermatologia

Aurkezpena

Dermatologia mediko-kirurgikoa eta benereologia espezialitatearen zereginak dira larruazaleko eta haren eranskinetako (ilea, azazkalak eta mukosa dermopapilareak) eritasunak eta eritasun sistemikoen larruazaleko zeinuak aztertu, diagnostikatu, tratatu eta prebenitzea. Gaixotasun horien tratamendu medikoaz eta kirurgikoaz arduratzen da hainbat motatako teknika kirurgikoren bidez.


 Bestetik, benereologiaz ere arduratzen da, hau da, sexu-transmisiozko infekzioak diagnostikatu, tratatu eta prebenitzeaz, baita sexu-osasuna sustatzeaz ere.

Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Dermatologia Zerbitzuak historia luzea du. Badakigu XX. mendeko 30eko hamarkadan gaixo dermatologikoak Nafarroako Ospitale Probintzial zaharraren pabiloi batean taldekatzen zirela.


 1951ko urtarrilaren 15ean, dermatologia-zerbitzua ofizialki sortu, eta hango lehenbiziko zerbitzuburua izendatu zen.

Gaur egun, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko dermatologia-zerbitzua da Iruñeko osasun-eremuko haur eta helduendako erreferentzia-zerbitzua, eta kalitatezko arreta eraginkor eta gizatiartua bermatzen du, eta etengabe ari gara bikaintasun profesionalaren eta berrikuntzaren bila.

Etengabe hobetu nahiak bizi gaitu, honako hauek helburu:

  • Pazienteei sarbidea erraztea, elkarlanean jardunez etengabe oinarrizko osasun-laguntzarekin eta gure zerbitzuak eskatzen dituzten beste beste zerbitzu batzuekin.
  • Kalitatezko zerbitzuak ematea, pazienteen beharretara bideratuak, ezagutza zientifiko hoberenean eta jardunbide egokietan oinarrituta, berrikuntza sortuz eta bultzatuz, baliabideen optimizazioa eta osasun-sistemaren iraunkortasuna ziurtatuz, profesionalen partaidetza eta pazienteen itxaropenak kontuan hartuz.
  • Patologia dermatologikoari diziplina anitzetatik heltzea, eta, ahal delarik, arta-prozesuen bidezko arreta ematea.
  • Ikerketa eta irakaskuntza sustatzea, eta arretan txertatzea