Historia

Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren historia

Gaur egungo Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren jatorria 2010ean dago; izan ere, orduan bateratu ziren –Nafarroako Ospitalegunea (NO) izena hartuta– Iruñeko barrutiko ospitale publiko guztiak (Nafarroako Ospitalea, Bideko Ama Birjina ospitalea eta Ubarmin klinika); baita Anbulatorioen eta Laguntza espezializatuaren Zuzendariordetzan garatzen den jarduera multzoa ere. Jarduera horietan sartzen dira Vianako Printzea zentroko espezialisten kontsultak, Oinarrizko Osasun Laguntzari sostengua ematen dion laborategi eta erradiologia jarduera, etxeko ospitalizazio zerbitzua, eta San Martin doktorea eta Tafalla anbulatorioetako ospitalez kanpoko laguntza espezializatua.

2021eko urrian, zentroak gaur egungo izena hartu zuen: Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa (NOU). Horrela, haren izenak ere agerian utzi zuen jada 2018tik aitzina zuen legezko izaera.

Nafarroako Ospitalea 1906an hasi ziren eraikitzen, ekimen pribatu batetik abiatuta, Concepción Benítezek Barañaingo ibarbasoko lur batzuk utzi ondoren. Horregatik, batzuetan Barañaingo Ospitalea deitzen zioten. Enrique Epalza arkitektoak egin zuen proiektua, eta Antonio Simonena medikuaren aholkuak jaso zituen. Proiektuan hogeita bederatzi eraikin ageri ziren, hiru lerrotan paratuak: pabilioiak, kapera eta langileen etxebizitzak. 1913an eraikitzeari utzi zioten, jada kapera eta pabilioi batzuk bukatuta zeudela. Lurrak Iruñeko Udalari laga zizkioten, erabili gabe. 1928an Estatuari utzi zizkioten, Itsuen Patronatu Nazionala ezartzeko, eta, horrela, berriro hasi ziren obrak. Patronatua desagertu ondoren, Nafarroako Foru Diputazioak eskuratu zuen, eta 1932-1933an hara eraman zituzten Errukiaren Ama Birjina Ospitale zaharreko instalazioak eta pazienteak (ospitale hori egun Nafarroako Museoa dagoen tokian zegoen). 1976tik aitzina, funtzionalki egokitzeari buruz hasi ziren hausnartzen, eta zenbait eraberritze eta handitze egin zituzten 80ko hamarkadan. Nafarroako Amaetxea eta Umezurztegia, 1982an, Nafarroako Ospitalean sartu ziren, Obstetrizia eta Ginekologia zerbitzu gisa. XXI. mendearen hasieran, handitzeak egiten eta eraikin berriak altxatzen jarraitu zuten.

Bideko Ama Birjina Ospitalea 1964an inauguratu zuten. Aurreikuspeneko Institutu Nazionalaren ospitale-egoitza zen eta, horregatik, "Erresidentzia" esaten zioten. Iruñean kokaturiko bi ospitale tertziarioetako bat izan zen, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitatean ematen zuen osasun-laguntza publikoa gauzatzen zuen.

Ubarmin klinika Elkanon dago, Iruñetik hamar bat kilometrora. Jatorriz, Nafarroako eta Gipuzkoako lau mutualitatek sustatu zuten, traumatismoetarako eta errehabilitaziorako zentro handia izan zedin (eskualdeko zentroa). 1975ean eraiki zuten, Fernando Redón arkitektoaren proiektuari jarraikiz. Gaur egun Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko D eraikina da, eta hantxe daude Kirurgia Ortopedikoaren eta Traumatologiaren Zerbitzua eta Errehabilitazio Zerbitzuko ospitalizazioa.

Imagen aérea del hospital

NOU Irunlarrea